foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Bixente Martinez

Biografia

Eibarren jaioa, 1954gn. urtean, konpositore, arreglista eta instrumentista profesionala 1976gn. urtetik.

Gitarrista da, gitarra bai elektrikoa eta bai akustikoa jotzen dituela, eta baita ere mandolina, bouzouki eta beste harizko instrumentu batzu.

"OSKORRI" taldeko partaidea 1973gn. urtetik, taldearen grabazio eta kontzertu guztietan hartu du parte. Talde honek hogei diska baino gehiago argitaratu ditu gaur arte, eta azkenak 2003eko urrian ateratako "DESERTORE" izenekoa eta 2005eko apirilean argitaratutako "DOKTOR DO RE MI ETA BENEDIZEBRA" izenekoa dira, azken hau umeentzako kantuekin.

Ruper Ordorika eta Joseba Tapiarekin batera "HIRU TRUKU" taldeko partaidea ere bere sorreratik, orain dela hamaika urte. Bere azken diskoa 2OO4eko Azaroan ateratako "NAFARROAKO KANTU ZAHARRAK" izenekoa da.

Beste jende askorekin kolaboratu du, bai grabazioetan, bai kontzertuetan. Batzuk aipatzearren, Ruper Ordorika, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Hertzainak taldea, Emilio Cao, etab.

Bai OSKORRI eta bai HIRU TRUKU taldeekin, Euskal Herritik aparte Espainia guztian zehar, Portugalen, Frantzian, Suitzan, Alemanian, Belgikan, Argentinan, Uruguayn eta Kanadan eman ditu kontzertuak.

Ikusentzunezko arloan, eta "OSKORRI" taldeko partaide bezela lan hauetan hartu du parte: "Kalabaza Tripontzi" eta "Offeko maitasuna" filmen musiketan, eta "Gastibeltzako karabinak" eta Gabriel Aresti buruzko "Harrizko herri hau" Maskarada antzerki taldeko obretan, beste batzuen artean.

Zine arloan,, Jose M. Tuduriren "Karlistadaren kronika" filmaren musika konposatu du, eta antzerki arloan, "Kukubiltxo" taldeko "Behin bazen...","Kukubel" eta "Txirrikiz" obren musikak egin ditu, eta "Deabru beltzak" taldeko "Ibiltariak", "Bikiak", "A E I O U" eta "Zentzumenak" obrena.

Beste arlo batean, ETBk egindako "Duplex" eta "A! Zer parea..." teleserien musikak egin ditu, eta "Fernando Amezketarra", "Lazkao Txiki" eta "Txirrita" marrazki bizidunena ere, ETBrentzako egindako beste lan batzuen artean.

Bere azken proiektua "IGELAREN BANDA" izeneko taldea da. Talde honek Euskal Herriko erritmo eta doinu tradizionalak hartzen ditu abiapuntu gisa, eta gero, improbisazioa eta armonizazio orijinalekin, bide berriak jorratzen ditu Euskal Herrian egiten den musika instrumentalaren arloan. Taldeak 2001gn. urtean argitaratutako disko bat du merkatuan, "IGELAREN BANDA" izenarekin.

Estudio txiki baten jabe da, bertan musika grabazioak egin ahal direlarik.

Arreglista gisa dauzkan kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML