foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Bingen Mendizabal

Biografia

TREBAKUNTZA AKADEMIKOA
Musika-ikasketak Gasteizko Kontserbatorioan hasi zituen, eta, aldi berean, biolina jotzen ikasten hasi zen Arrasaten, Albina Madinabeitia irakaslearekin.
1981ean, ostera, harmonia ikasten hasi zen, Carmelo Bernaola irakaslearekin. Gero, konposizioa ere ikasi zuen Bernaolarekin.
Cordero irakaslearekin kontrapuntua eta fuga ikasi zituen; Gabriel Brencic irakaslearekin konposizio garaikidea; Agustín León Ararekin eta Joaquín Palomaresekin biolina; Luis de Pablorekin musika elektroakustikoa; eta azkenik, Antón García Abrilekin zinematografia-musika.

LAN-ESPERIENTZIA
1982tik 1989ra, hainbat rock-talderekin batera lan egin zuen, hala nola Nahiko, Hertzainak eta La Polla Records taldeekin, baita zenbait jazz- eta folk-talderekin ere. Bestalde, konpositore- eta biolinista-lanetan aritu zen hainbat antzerki-lanetan.
1989an, Juanma Bajo Ulloaren El reino de Victor film laburrerako musika sortu zuen. Geroztik, Bajo Ulloaren film guztietan lan egin du (Alas de mariposa, La madre muerta -film horrekin, Idazle Zinematografikoen Elkarteak film-musikarik onenari emandako saria irabazi zuen-, Airbag eta Fragil).
1993an, Mariano Barroso zuzendariaren Mi hermano del alma filmaren soinu-banda egin zuen. Aurrerago ere, zuzendari horrekin lan egin zuen, Éxtasis eta Los lobos de Washington filmetan eta telebistarako sortutako Lucrecia filmean. Urte berean, Enrique Urbizuren Cómo ser infeliz y disfrutarlo filmaren soinu-banda konposatu zuen. Zuzendari horrekin beste obra batzuetan ere lan egin zuen aurrerago, hala nola Cuernos de Mujer eta Cachito filmetan.
1994an, Fermando Mendez Leitek Televisión Españolak produzitutako La Regenta telesailaren hiru atalen soinu-banda sortzeko eskatu zion.
Bitartean, beste zinema-zuzendari batzuekin lan egiten jarraitu zuen, Hector Carre eta Ernesto del Ríorekin, alegia.
1995ean, Bartzelonako portu zaharraren berritze-lanak inauguratzeko sortutako Nit de Mar ikuskizunaren musika konposatu zuen, eta musika-lan hori Ciudad de Barcelona orkestrak grabatu zuen.
1996an, Francisco Lombardirekin elkarlanean hasi zen. Lehenengo, Bajo la piel filmean lan egin zuen, eta gero, Pantaleón y las visitadoras eta Tinta roja filmetan.
1997an, hiru filmaren soinu-bandak egin zituen: Montxo Armendarizen Secretos del corazón filmarena, Juanma Bajo Ulloaren Airbag filmarena eta Julian Temple zuzendari ingelesaren Vigo: passion for life filmarena.
Urte berean, Leo Brower orkestra-zuzendari eta konpositore kubatarrak hots egin zion, eta esan zion bere zenbait lanekin kontzertu monografiko bat egin nahi zuela Sevillako Zinemarako Musikaren Topaketetan. Kontzertu hori Sevillako La Maestranza antzokian egin zen, eta Brower-ek berak zuzendu zuen Kordobako orkestra.
1998an, Los Angelesera joan zen, Universal etxeak produzitutako Betty Kaplanen Doña Bárbara filmean lan egitera. Urte berean, Antonio Merceroren La hora de los valientes filmaren soinu-banda sortu zuen.
1999an, Mariano Barroso eta Francisco Lombardirekin lan egiten jarraitu zuen.
2000n, Álvaro Fernández Armero zuzendariaren El arte de morir filmaren soinu-banda konposatu zuen.
2001ean, Manuel Gutierrez Aragónek hots egin zion, Visionarios filmaren musika sortzeko. Urte berean, Norberto López Amadoren Nos miran filmaren soinu-banda sortu zuen, Basauriko Borja Ramos musikariarekin batera.

Urte berean, halaber, Mikel Urdangarinekin batera lan egiten hasi zen, eta Bar Puerto diskoa grabatu zuten. Elkarlan horrek gaur arte iraun du.
2002an, Imanol Uriberen El viaje de Carol eta Marcelo Piñeiroren Kamchatka filmetan lan egin zuen.
2003an, Sacha Parisot zuzendariaren Skin Deep film estatubatuarraren soinu-banda konposatu zuen, Casteldefelseko Arturo Blasco konpositore eta gitarra-jolearekin batera.
Urte berean, Manolo Gómez Pereiraren Cosas que hacen que la vida valga la pena filmaren soinu-banda egin zuen, eta Montecarloko Zinemaldiko musikarik onenaren saria irabazi zuen.
Kirmen Uriberekin, Rafa Ruedarekin, Mikel Urdangarinekin eta Mikel Valverderekin batera, Zaharregia, txikiegia agian disko-liburua osatu zuen, eta hainbat kontzertu egin dituzte gaur arte.
2004an, Karra Elejalderen Torapia filmaren soinu-banda egin zuen, eta, Borja Ramosekin batera, Bajo Ulloaren Fragil filmaren musika konposatu zuen.
Urte berean, Kukai dantza-taldeak Jorge Oteiza eskultore euskaldunaren omenez egindako Otehitzari biraka dantza-ikuskizunaren musika osatu zuen, Mikel Urdangarinekin, Mikel Fernandezekin eta Rafa Ruedarekin batera.
2005ean, Manolo Gómez Pereiraren Reinas filmaren soinu-banda konposatu du.

Arreglista gisa dauzkan kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML