foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Marian Arregi eta Mikel Urbeltz

Biografia

MARIAN ARREGI SARASOLA

Donostian jaio zen, eta hamabi urterekin hasi zen akordeoia jotzen. Hirurogeigarren hamarkadan, Kemen hirukotearen bidez, Ez dok Hamairu talde ospetsuko kide izan zen. Talde hark guztiz berritu zuen euskal kantagintza. Dantza solteko dantzari bikaina eta aldartetsua, urte haietan hainbat sari eta aintzatespen jaso zituen Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako lehiaketetan. Goizaldi taldeko dantzari zela, nazioarteko lehiaketetan parte hartu zuen Frantzian, Bretainian, Belgikan, Grezian, Italian, Alemanian, Txekian, Eslovakian eta abar. Juan A. Urbeltzekin ezkondua, Ez Dok Hamairu taldeko kantari batzuekin lan egin zuen (Xabier Lete) eta, bederatzi urtez (1985 arte), Benito Lertxundiri ere lagundu zion kantaldietan eta disko-ekoizpenean. Lan horren ondorioz, ARGIA taldeak jasotako Zuberoako tradizioei buruzko Lertxundiren diskoetan parte hartu zuen, baita Orreagako batailan eta Chanson de Roland delakoan oinarritutako lanean ere. Musika tradizionalerako sentiberatasun berezia du, eta ARGIA taldearen musika-ekoizpen osoa igaro da haren eskuetatik. 1987tik aurrera, dantza tradizionaleko hainbat ikuskizunen musika landu du: Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian eta Pas de Basque. Ahozko tradizioaren erritmoak oso ongi ezagutzen ditu, eta zuzenean parte hartzen du Dantza Ganbara programan.


MIKEL URBELTZ ARREGI

1969an jaio zen Donostian, eta gaztetatik jaso du familiatik zaletasuna. Biolina ikasi zuen, eta, geroago, hamasei urterekin, dantza ikasten hasi zen. Marian Arregi amarengandik euskal tradizioko errepertorioa ikasi zuen, eta hari egokitutako biolin-estiloa garatzen hasi zen, Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasten zuen bitartean. Duela urte batzuetatik hona, UDAZKENEAN FOLK jaialdiaren zuzendaria da, eta, horri esker, etengabeko erlazioa du Europako musikari, kantari eta talde tradizionalekin. 1995ean, Berrizko itsuari diskoa argitaratu zuen. Diskoan, biolin tradizionalaren estilo berri bat proposatu zuen Euskal Herrirako, albokaren tinbrean eta tonuan oinarrituta. Alboka artzainen mihi bikoitzeko instrumentua da, eta arnasa jarraituko teknika behar da jotzeko. IKERFOLKek eta Fonti Musicalik argitaratutako Bedaxagarren diskoan parte hartu du, eta Anje Duhalde kantariarekin eta Bidarteko Maritzuli konpainiarekin ere egin du lan. Horrez gain, biolin tradizionalaren estilo-ikastaroak ematen ditu. ARGIA taldearen ikuskizun garrantzitsu guztietan parte hartu du: IRRADAKA, ZORTZIKO, MURISKA, ALAKIKETAN eta KONDHARIAN.
Jean Mixel Bedaxagar kantari eta xirulariak irakatsi zizkion tradizio zuberotarrak, eta biolina joz lagundu dio hari Euskal Herrian eta atzerrian egindako kontzertu ugaritan. Gainera, hainbat pastoraletako biolin-jotzaile izan da (Zuberoako herri-antzerkiak dira pastoralak). Zehazki, Sabin Arana Goiri, Atharratze Jauregian eta Iparragirre pastoraletan parte hartu du. Gaur egun, Bilboko Kafe Antzokian hilero antolatzen den Dantza Ganbara programan parte hartzen du, eta Kafe Antzokian bertan lan egiten du, programazio kulturalaren kudeatzaile gisa.

Artistaren kantak bilduma honetan


Arreglista gisa dauzkan kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML