foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Mikel Laboa

Biografia

Mikel Laboa esanda bihotzeraino sartzen den ahots mehe bat datorkigu gogora, gitarra lagun duela kantari. Edo kantu zaharren lilura oso-osorik gureganatu duen ahotsa. Edo bihotza taupadaka, azalean oilo-ipurdia eta sentimenak dardarez jartzen dizkigun kantaria.

Donostian jaio zen, 1934an. 1962 inguruan medikuntza ikasketak Zaragozan amaitu eta Bartzelonara joan zen
espezialitatea egitera. Ordurako jende aurrean agertua zen kantari, baina Bartzelonan aurkitu zuen kantua bideratzeko modu eta jarrera ezberdin bat: La Cova del Drac klubean biltzen ziren kantari kataluniar gazteak, 'Nova canšo' bezala ezagutzen zen belaunaldia. Kantaldi kolektiboa, kantu tradizionalak berreskuratu, arazoei erantzungo zieten kantu berriak egin... Hura guztia buruan zeukala itzuli zen Donostiara eta 'Ez dok amairu' sortzeko pausoak ematen hasi zen, zazpi urte iraungo zuen kolektiboa (1965-1972).

1964an disko txiki bat atera zuen, eta beste hiru disko txikiren ondoren, azkenik, 1974an LP bikoitza argitaratu zuen, 'Bat-Hiru' izenekoa. 1980an beste disko bikoitz bat, 'Lau-Bost' bataiatua. Disko hauek eragin handia izan dute, batez ere lehenengo bikoitz horrek, estetika musikalaren aldetik, belaunaldi berrienek, rockeroek ere aitortzen duten eragina. Azken urteotan I˝aki Salvadorrren aportazioak jazz estilo bat eman dio Laboaren kantagintzari.

Hiru esparru jorratu ditu, batez ere: kantu herrikoiak ('Bentara noa', 'Haika mutil', 'Bereterretxe'), atzerriko eta Euskal Herriko olerkarien poema musikatuak (Bertold Brech, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga) eta kantu esperimentalak, berak 'Lekeitioak' deitzen dituenak ('Gernika', 'Itsasoa eta lehorra'). Azken hauek disko batean bildu zituen bereziki.

Kaleratu zuen azken aurreko diskoa zuzeneko grabazio bat izan zen. 2005ean eman du argitara bere azken lana. Bertan lau hizkuntzetan abesten du Laboak, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta italieraz, besteak beste poeta hauen letrak musikatuz: Joxean Artze, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia.

Kanpoan ere sarritan izan da kantari, filme eta dokumentaletan ere erabili izan da bere musika, bere kanta asko jendeak buruz dakizki, eta lehen behintzat asko kantatzen ziren. Ezinbesteko erreferentzia da euskal kantagintza ezagutzeko, eta Euskal Herria ezagutzeko ere, gure geografiaren zati bat bilakatu balitz bezala. Dotorezia aparta dauka kantuak biluzik emateko eta ahotsari emozioa sorrerazteko.

[www.elkarlanean.com]


Artistaren kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML