foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Ruper Ordorika

Biografia

Oinatin jaio zen, 1958an. Gaztetan Ingalaterrara bidaiak egiten hasi zen, hango musika ezagutzen eta dastatzen, eta horrek eragin nabarmena izan du bere kantagintzan. Inpresionatuta geratu zen hango musikoen jarrerarekin, entzuleekiko harreman beroarekin, maila teknikoarekin. Ahots berezi baten jabea da. Bilbora bizitzera joan eta 'Pott banda' mitikoan sartu zen, han ezagutu zituelarik Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Jose Mari Iturralde eta beste. 1980an 'Hautsi da anphora' atera zuen, ordura arte egindako musikarekin zerikusirik ez zuen disko bat. Jende guztia harritu zuen, eta berehala lortu zuen leku bat euskal kantagintzan. Estetika berri bat zekarren, eta mugarritzat balio duten horietako disko bat bilakatu da. Bernardo Atxagaren poemekin osatuta zegoen, eta letra haien kalitatea ere markaz kanpokoa zen euskal kantagintzaren esparruan.

Ondorengo diskoetan bere ibilbidea sendotzen joan zen, 'Ni ez naiz Noruegako errege' edota 'Bihotzerreak' lanetan esate baterako, batzuetan rock gogorrago baten harira, bestetan folk ukitu dotoreen karietarat. Bere kantagintza bi mugarri horien artean ibili da, elektrikoaren eta akustikoaren tartean. Urteekin talde finko baten laguntza izan du, bere soinua nolabait estandarizatuko ziona, 'Mugalariak'. Beti zaindu du izugarri berekin jo eta grabatzen zuten musikoen kalitatea, soinu berezi hori lortzeko, 'kamarakoa' dei daitekeen bere pop hori borobiltzeko. Grabatzen ere New Yorken izana da.

Aipatzekoa da, baita ere, Atxaga eta Iturralderekin eskaini zuen 'Henry Bengoa Inventarium' emanaldia, musika eta literatur testuak uztartzen aitzindaria izan dena Euskal Herrian.

Azken urteotan ibilbide paralelo bat ireki du 'Hiru truku' taldearekin. Hiru diskoren emaitza eman du formazio bitxi honek, non Bixente Martinezek eta Joseba Tapiak laguntzen dioten. Kantu zaharrak berreskuratu dituzte, batez ere Bizkaikoak eta Nafarroakoak, arrakasta handiz.

Bakarkako bere azken diskoa 2003an atera zuen, 'Kantuok jartzen ditut' izenburuarekin.

[www.ruperordorika.com]


Artistaren kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML