foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Antton Valverde

Biografia

Donostian jaio zen 1943an. Kasu berezia da Antton Valverderena euskal kantagintzan, eskuetan gitarra hartu gabe kantatu izan duen bakarrenetakoa delako. Valverdek beti piano baten aurrean kantatzen du. Ikasketaz peritua da, baina musika formazio sakona jaso zuen gaztetan, solfeoa ikasiz, pianoa, harmonia eta konposizioa. Horregatik, bere kantuak asko bereizten dira bere garaiko osterantzeko kantarienengandik, apur bat kutsu klasikoa dutelako. Garapen harmoniko aberatsagoa dute, 'lieder' tankera gehiago, agian, lagun artean kantatzeko abestiena baino.

60. hamarkadaren bukaeran ateratako disko txiki batzuen ondoren, 1972an atera zuen lehenengo LPa 'Oskarbi' taldearekin, 'Ezkutari' deitua. Ondoren Xabier Lete eta Julen Lekuonarekin elkartu zen bertso zaharrak abesteko, eta oso ezagunak egin ziren lau disko argitaratu zituzten, tartean Txirritari eskainitakoak.

Bere bakarkako bidean bi euskal poeta izan ditu bereziki maitatuak Valverdek: Lizardi eta Lauaxeta. Lizardiren omenezko diskoa 1975ean kaleratu zuen, eta Lauaxetari eskainitakoa 1978an. Lauaxeta ezagutarazteko oso baligarria izan da bere lana. Halere, beste olerkari euskaldun asko musikatu ditu. Bere kantari ibilbidea oso luzea da, baina tarteka utzialdiak izan ditu. Izaeraz lotsati samarra izan da Valverde, eta maiz Xabier Leterekin batera abestu izan du, Leterekin ikusleengana iristeko bidea aurkitu balu bezala. Inoiz ez da izan jendetza izugarriak bildu dituen kantaria, baina bere lana euskal kulturaren ezinbesteko osagarri bilakatu da dagoeneko. Bere azken diskoa 'Laurogeita hamazazpi' deitzen da, urte berean argitaratua. Kolaborazio asko egin ditu azken urteotan, Gandiagari eskainitako diskoan eta abarretan.

Artistaren kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML