foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Mixel Labeguerie

Biografia

Euskal kantagintzaren aita da. Uztaritzen jaio zen 1921ean, eta 1980an hil. Medikua izan zen, senadorea Parisen eta Kanboko auzapeza. Bi disko txiki atera zituen gitarrarekin lagunduta, 1961ean lehenengoa, zortzi kantu guztira. Hori da bere herentzia. Letra batzuk Piarres Larzabalenak dira, musika Labeguerierena. Baina oso garrantzitsua izan zen garai hartan. Kanta haiek eragin handia izan zuten kantari guztiengan, eta horrela aitortu dute denek, Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Anje Duhaldek, Txomin Artolak eta beste askok.

Hego Euskal Herrian Frankoren diktadura zegoen, eta bertako hizkuntza eta kultura garatzea debekatzen zuen. Labeguerien diskoak debekatuta zeuden, baina jendeak ezkutuan pasatzen zituen eta ezkutuan entzun bertako kantuak: 'Aurtxo aurtxoa', 'Gu gera Euskadiko gaztedi berria', 'Gure katua Pitxitxi' eta abar. Euskal musika gerra aurreko Usandizaga, Guridi eta Sorozabalen lanetara mugatua zegoen, eta garai hartan kantagintzan aurki zitekeena polifonismoa zen, otxoteak, opera kantarien moldeak. Gitarra bat hartu eta kantu berriak euskaraz kantatzen hastea iraultza bat izan zen. Gainera kantari haren ahotsa 'benetakoa' zen, alegia, ez zeukaten kanta komertzialek inposatzen zuten amaneramenduan eta sofistikazioan ernetutako faltsu-airerik. Kantaldirik ere ez zegoen, eta Labegueriek bazkarietan kantatzen zuen, edo Euskaltzaleen Biltzarra egiten zenean. Kanta berriak euskaraz egitea posible zela erakutsi zien Labegueriek ondorengo belaunaldiei, eta horrela ireki zuen berak geroztik hain emankorra izan den bide berria.

Artistaren kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML